
Durango, kale-izen modura
Udalerri batek baino gehiagok dauka Durango izeneko kaleren bat, nahiz eta kale horiek denak ez diren gure herriari eskainitakoak. Horietatik, guk dakigula, bi baino ez dira Bizkaiko Durangori lotuak. Bata Bilbon dago, eta, bestea, Madrilen.
“Durango” kalea Bilbon
Kale berria da, eta “El Fango” izeneko kiroldegiaren inguruan dago, hau da, Errekalde auzoan, planoan ikusten denez. Izen hori Alkatetzaren ebazpen baten bidez eman zitzaion 2006ko ekainaren 14an. Bilboko alkate jauna, Iñaki Azkuna, bere jaioterriaz gogoratu da beraz, eta hori eskertzekoa da benetan.
“Durango” kalea Madrilen
Bilbokoa baino zaharragoa da, eta 23. barrutian dago (Coruñara doan errepidearen inguruan); han kale asko daude euskal udalerriei eskainita (Amorebieta, Getxo, Eibar eta abar.)
Durango Kalea Ladrillen, google Maps
“Durango” kalea Segorben (Castelló)
Apezpikutza duen hiri horretako kalerik laburrena da, eta katedralaren ondoan dago. Juan Bautista Artaza de Durango kalonjeari eskainita dago kalea; oso gizon eskuzabala izan ei zen, eta testamentuan katedralari eta hiriari eman zizkien bere ondasun guztiak.
Katedraleko artxibozainarekin gaude harremanetan, gizon horren jatorria ikertu nahian, baina, oraingoz behintzat, ez dugu informazio interesgarririk eskuratu.
Segorbeko Katedrala, Google Maps
“Durango” kalea El Puerto de Santa Marían (Kadiz)
Herri garrantzitsu horrek herriguneko kale bat eskaini zion Martín Durango, Marinako kontadoreari; gizon honen jatorriari buruzko informazio bila gabiltza, azterrenak argitu nahian. Inguru hori urbanizatu aurretik ere, Durango auzoa (“Barrio de Durango”) edo Durango soloa (“Huerto de Durango”) deitzen dioten, Martín Durangok hantxe zeukalako etxea. Azkenean, Durango” izena geratu zaio, inolako erantsirik gabe. Honi buruz hitz egin genuen Madrilgo Marina Museokoekin datu gehiagoren bila, eta jakinarazi ziguten marinako “kontadoreak” asko eta asko euskaldunak izaten zirela, hain langintza delikatuan langile zorrotz eta finak zirelako ospea zeukaten-eta.
Durango Kalea, El Puerto de Santa Marian, Google Maps
“Durango” kalea Villalcázar de Sirgan (Palentzia)
Mediku bati eskainitako kalea da; urte askoan jardun zuen herrixka horretan, eta bertako jendeak eskertu egin nahi izan zion egindako lana. Herri txiki hau Donejakue bidearen erdian dago, eta monumentu ugari dauka.
Calle Dr. D. Durango Salomón, Google Maps
“Durango” kalea Las Navas de la Concepción-en (Sevilla)
Udal honek bi mila biztanle baino gutxiago ditu; Sevillako iparraldeko mendilerroko parke naturalaren ondoan dago. Udal artxibozainari eskatu diogu datu gehiago, eta erantzunaren zain gaude.
Durango kalea, Navas de la Concepción-en, Sevilla, Google Maps
“Durango” beste izendapen batzuk
El modelo Dodge en diferentes épocas.
DODGE DURANGO autoari buruz, informazioa agertzen da Interneten (SUV edo bide orotarako ibilgailua da).
Ibilgailua 1998an atera zen merkatura, eta bistan da arrakasta handia izan duela, egun jada ibilgailu horren “hirugarren belaunaldia” baitago merkatuan.
“Durango” abizena
Ez da oso ugaria abizen hau, ezta Bizkaian bertan ere. Estatistika Institutu Nazionalean jasotako datuen arabera, Bizkaian 16 lagunek bakarrik daukate Durango lehen abizen modura, eta, guztira, zortziehun bat dira estatu osoan; horietatik 200etik gora daude Madrilen eta hara non eta Toledon! Zer dela-eta egongo ote dira, bada, hain biztanle gutxi duen probintzia batean bilduta hainbeste Durango abizendun, guztien ia laurdena zentsu osotik. Durangoko jende asko joango ote zen akaso inguru horietara errekonkista garaian? Abizen modura hartuko ote zuten judu edo morisko askok, hain ugariak izanda Toledo aldean? Beste datu bitxi bat: “Durango” lehen abizentzat duten guztietatik (831), 140 Espainiatik kanpo jaiotakoak dira. Antzeko kopuruak errepikatzen dira “Durango” bigarren abizentzat dutenen artean ere.
Atal hau argitzeko, Antón García Albizuren lankidetza bikaina jaso dugu, arlo honi buruz egin dituen ikerketak jarri baitu gure esku. XV. mendeko hogeita hamarreko hamarkadan, “Durangotarren” “leinu” garrantzitsua dugu Sevillan erroturik; upelgile aritzeko iritsi ziren hiri horretara, eta batzuek dirutza handia batzea lortu zuten. Horietako bat, Nicolás Martínez de Durango, kapilautza baten titularra izan zen XV. mendean.
Durangoko merkatari garrantzitsu gehiago ere izan ziren Sevillan, Durango abizena ez bazuten ere, hala nola Pedro de Zenarruza eta Martín de Arrazola.
Granadako konkistan, berriz, parte-hartze aipagarria izan zuten Ureñako Kondearen osteetan Martín de Durangok (zaldizkoen kapitaina) eta Agustín Durangok.
XV. mendean, Martín Durango izan genuen Aranda de Dueron. Haren mezenasgoari esker, “Berdugotarren jauregia” eraiki zuten, hiri horretako balio artistiko behineneko eraikina. Jauregiak “Durangotarren” armarria du eraikinaren aurrealdean.
Aipatzekoa dira, halaber, Mirandako Kondearen kontularia, Cristóbal Durango, eta haren anaia, Martín, hura ere kontulari —baliteke huraxe izatea arestian aipatutako El Puerto de Santa Maríako kaleko titularra—.
Iruzkin berriak