
Vicente Zavalaren obra hedatzea eta sustatzea dugu xede, Durangori buruzko ezagutza zabalduko baitugu hartara. Horretarako, funtsezkoa zaigu bazkideek, lagunek eta zaleek biziro parte hartzea, eta web orri honetara ekartzea beren iritziak, oharrak eta era guztietako argazkiak eta informazioak, haien laguntzaz edukiak hobetu ahal izan ditzagun.
Eduki hauek guztiak hobeto sistematizatu ahal izateko, hiru atal eratuko ditugu: “Durango munduan”, “Durangarrak munduan” eta “Durango egunez egun”. Aurreraxeago emango dugu xeheago atal bakoitzaren berri.
Gonbit berezia luzatu nahi diegu Durangoko elkarteei, beren jarduera-egutegia jar dezaten horretarako beren-beregi gorde dugun gunean eta, hartara, antolatzen dituzten ekintza edo gertakizunen berri eman dezaten. Asko eta askotariko informazioa eman daiteke gune honetan, hala nola zirkulazioko udal-zerga ordaintzeko epea ireki dela jakinarazteko oharra, Alpino elkartearen mendi-ibilaldia, txirrindularitza-lasterketa, jardunaldiak, elizkizunak eta abar. “Durango egunez egun” izena eman diogu atal honi, eta herriko erakundeek eta elkarteek garatutako jardueren gaineko gida bizi eta eguneratua izatea dugu helburu.
Iruzkin berriak