
Tolosan jaio zen 1931n, eta Durangoko Jesusen Lagundiko San Jose ikastetxean ikasi zuen. Jesuita izateko botoak egin, eta, elizgizon-prestakuntza amaitutakoan, Durangoko Ikastetxera igorri zuten lehenik eta San Faustoko parrokiara gero; hantxe garatu zituen nagusiki bere jarduera-esparru guztiak, pastoralgintza, gizarte-lanak, kirol-ekintzak eta kultura-jarduerak landuz. Ezustean hil zen 2004ko abuztuan.
Durangon bakarrik jardun zuen abade, eta bete-betean bertakotu zen gure herrian. Sentiberatasun berezia eragiten zioten erlijio-adierazpen herrikoiek; horrela, bada, funtsezko lana bete zuen aspaldiko debozioak bizirik mantentzeko: Tabirako maiatzak eta urriak, Aste Santuko prozesioak eta abar. Are gehiago, abian jarri zituen berriro dagoeneko jardunean ez ziren erlijio-elkarteak, hala nola Arrosarioaren eta Kurutzesantuaren kofradiak, Ama Birjinaren Kongregazioak eta abar.
Ekimen horrek bultzaturik, Tabirako elizak (San Pedro eliza eta Arrosarioko Ama Birjinarena) zaharberritzeko lanak abiarazi zituen, baita San Fausto ermita berreraikitzeko lanak ere; izan ere, San Fausto ermita aurritan zegoen, lotsagarriro, durangarrok ordura arte ez ginelako inolako ahaleginik egiteko gai izan gure zaindariaren alde. Hantxe ezarri zen parrokia berria, eta Vicentek berak hartu zuren haren ardura, hil artean ia. Hala, eliztarrekin bat egitea lortu zuen guztiz. San Faustoko eliztarrak kanpotarrak ziren nagusiki, iragan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan Penintsulatik handik eta hemendik iritsitakoak, eta parte-hartze bizia zuten bai parrokiaren bizimoduan bai auzoaren bizimoduan.
San Faustoko eliza izan zuen, beraz, langune, eta pastoralgintza eta gizarte-arloa jorratzeaz gain, kultura-arloari ere bultzada handia eman zion, eta, hain zuzen ere, bide horri jarraitzen saiatuko gara gure elkartearen bidez.
Iruzkin berriak