DURANGO HIRIA ETA ESTATUA

Mexikoko hiri inportantea da Durango, izen bereko estatuaren hiriburua. Francisco Ibarrak sortu zuen hiria 1563ko uztailaren 8an, eta bere jaioterriaren omenez jarri zion Durango izena. Are gehiago, “Villa de Durango” jarri zion lehendabizi izena. “Victoria de Durango” da izendapen ofizial osoa gaur egun; aldaketa hori Guadalupe Victoriaren omenez egin zen, estatu horretan sortutako lehen presidentea izan baitzen. Hala ere, “Durango” izenez da ezaguna mundu osoan. “Ciudad Durango” ere erabiltzen da, estatuaren eta hiriburuaren izenak bereizi nahi direnean. Ibarrak barru-barrutik maite zuen bere herria, eta “Nueva Vizcaya” izeneko probintzia ere sortu zuen, Durango eta Chihuahua osorik hartu, eta Sonora, Sinaloa eta Coahuilaren zati bat gehituta. Beharbada, horrexegatik da nahiko ugaria “Durango” toponimoa inguru horretan.

Durango Mejico

Victoria de Durango | Argazkia: Tumblr

Hiri hartakoak (“durangueños” gazteleraz) 600.000 lagun dira gutxi gorabehera; eraikinik garrantzitsuenak Hirigune Historikoan daude. Mexikon “Lehorreko Ibilbidea” osatzen duten herrien artean dago Durango, eta UNESCOk Gizateriaren Kultura Ondare izendatu zuen bide hori. Apezpikutzaren egoitza da 1620. urtetik hona, eta Mendebaldeko Sierra Madre mendilerroa osatzen duten mendien magalean dago.

Film batzuetan ere entzun dugu Durango izena aipatuta. Esaterako, “Sierra Madreko altxorra” filmean; Humphrey Bogart izan zen aktore nagusi, 1948an, eta B. Travenen nobelan oinarrituta zegoen. Beste bat, “Perdita Durango” da, protagonista hiri horretakoa baita. Marlon Brando aktore nagusi duen “Sierra Prohibida” filmean ere aipatzen da Durango, behin baino gehiagotan esaten baitute zein hilgarria den “Durangoko eskorpioien” ziztada.

 

Mejico

 

DURANGO CHIHUAHUA ESTATUAN

Hidalgo del Parral udalerriko herri txikitxoa da (2. erreferentziako mapan ageri da). Ezin izan dugu haren gaineko informazio osagarririk lortu, enbaxadaren kultura-zerbitzuetara eta udal horretako alkate jaunengana jo dugun arren. Ea irakurleek guk baino zori hobea duten ikerketetan, atal hau osatu ahal izan dezagun.

Chihuahua

DURANGO CHIAPAS ESTATUAN

Tonalá udalerrian dago, eta 613 biztanle ditu. Ezin izan dugu informazio gehiago batu, eta maparik ere ez dugu.

Durango Chiapasen, Google Maps

DURANGO HIDALGO ESTATUAN

Los Mármoles parke nazionalaren barruan dago, Zimapán udalerrian, eta 700 biztanle ditu ia, erroldaren arabera. Haren mapa badugu (9. zenbakia). Mendebaldeko Sierra Madre mendilerroaren magalean dago, meatze ugariko eremuan; horregatik, ez dakigu “Sierra Madreko altxorra” filmean “Durango” aipatzen denean, herri honi buruz ari den ala arestian aipatutako “Victoria de Durangori” buruz ari den –askoz garrantzi handiagokoa berau–.

Hidalgo

Durango Hidalgo estatuan, google Maps

EJIDO DE DURANGO BAJA CALIFORNIA ESTATUAN

Mexicali udalerriari dagokio, eta 1.629 biztanle ditu. Ez dugu maparik, baina interneten ageri da.

ejido durango

Ejido de Durango, Google Maps

NUEVO DURANGO QUINTANA ROO ESTATUAN

Lázaro Cárdenas udalerriko herri txikitxo bat da. Informazio gehiagorako, hona hemen esteka.

Nuevo Durango, Mexiko, Google Maps

DURANGUITO

Hiru herritxok dute Mexikon izen hori, Durango, Chihuahua eta Sinaloa estatuetan, hain zuzen.

Lehenengoari buruz ezin izan dugu informaziorik jaso; bigarrenari dagokionez, bestalde, badakigu Durangori itsatsita dagoela. Hirugarrenari buruz zer edo zer gehixeago badakigu, baina gutxitxo, hala ere. San Ignacio udalerriaren barruan dago, eta, zenbaiten iritziz, herrixka horretan jaio zen Heraclio Bernal (1855-1888) Mexikoko iraultzaren aitzindari eta bultzatzailea.

Gobierno Municipal de Durango, web orria

Victoria de Durango, informazio gehiago

Google Maps

Recent Comments

    Archives

    Categories

    • No categories