
Gure herriaren izena luze-zabal erabili da, hainbat gauza izendatzeko: beste herri eta kale batzuk, automobil-motak, musika-taldeak… Izen bereko herri gehienak Ameriketan daude; bereziki ezagunak dira Frantzisko Ibarrak Mexikon sortutako Victoria de Durango (Durango esan ohi diote) eta Coloradokoa, Estatu Batuetan. Bi hiri horiek gurearekin batera “hiru Durango” osatzen dute; adiskidetze-ospakizunak egin izan dituzte, eta kultura-harremanak dituzte elkarrekin. Esan bezala, horiek dira hiri garrantzitsuenak, baina ez bakarrak, Durango terminoa eta Duranguito bereziki oso errotuta baitago Mexikon. Horietako gehienak beste izen bateko udalerri baten barruko herrixkak dira. Ezer gutxi dakigu herritxo horiei buruz, eta informazio horretatik gehiena internet bidez eskuratu dugu, enbaxadetako kultura-sailek ez baitituzte aintzakotzat hartu informazio eske egin dizkiegun hamaika eskariak. Horregatik eskatu nahi diegu orri honetara sartu eta teknologia berriak polito erabiltzen dakitenei beren aurkikuntzen berri eman diezaguten, orri honetako edukiak hobetu ahal izan ditzagun.
Gutxitan erabili da Durangoko toponimoa abizentzat; hala, oso urria da bai gure inguruetan bai gure esparrutik kanpo ere. Dena dela, izendapen hori jaso duten kale batzuk Durango abizena zuten pertsonen omenezko kaleak dira.
Iruzkin berriak