
KULTURA EKINTZA
Urte horietan guztietan, argitalpen-lan handia egin zuen Vicente Zavalak, Durangori buruzko gaiak langai hartuta beti. Gai historikoak jorratu zituen nagusiki, eta hainbat alderdi izan zituen aztergai “Kurutzeaga” bildumaren barruan: Durangoko hiribildua bera, herriko seme-alaba ospetsuenak, erlijio- eta arte-erakundeak, kirol-elkarteak eta abar.
Hogeita hamar argitalpen egin zituen guztira, eta “La Edad Moderna en Durango” izenekoa zuen argitaratzeke heriotzak ezustean hartu zuenean; hiru liburukiko lana da, Vicentek gure udal-artxibotik berariaz hautatutako eta antolatutako dokumentuetan oinarrituta.
Gure elkarte honen bitartekoekin ezinezkoa zaigunez azken obra hori argitaratzea, web orri honetan jaso dugu, interesa dutenek bertan deskargatu eta, nahi izanez gero, beren kabuz inprima dezaten oso-osorik edo haren zati bat. Irizpide hori bera erabili dugu agortutako obretan ere (bildumaren lehen obrak, gehienetan).
Jarraian, argitaratutako izenburuen zerrenda osoa emango dugu, interesa dutenentzat. Gainera, oraindik aleak eskuragai dituzten obren aurkibidea ere erantsi dugu, aukera-aukerako prezioetan eskuratu ahal izan dezaten HITZ, IRAKURRI eta ECHEVARRIA liburu-dendetan, Durangon guztiak ere. Gure inguruetatik kanpoko inork liburu horiek eskuratzeko interesa izanez gero, gurekin harremanetan jar daiteke posta elektronikoz.
Durangar guztiontzat pozgarri behar du izan halako liburu-sorta oparoa argitaratuta izatea, aukera aparta ematen baitigute gure hiriaren historia, gure seme-alaba itzaltsuenak eta gure erakunde adierazgarrienak xeheago ezagutzeko. Hala, lan horien bidez, Vicente Zavalak gure jakintza hobetu nahi izan zuen –bai gure herriari buruzkoa, bai gure pertsonaia ospetsu eta erakundeei buruzkoa–, orain “nortasun-ikur” deitzen ditugun horiekiko maitasuna ere areagotu zedin ezagutza horren bidez. Ildo horri heldu guran, “Durango munduan” izeneko atala sortu dugu, Durangoko munduan barrena nondik nora hedatu den ezagutzera emateko.
Iruzkin berriak